diumenge 10 de gener de 2010

Estatuak ere egurra

Asteazkenean bertan atera zen blog honetan Euskalerria irratiaren afera. Bertan azaldurik agertzen zen nola 1988. urtean sortu zenetik ez duen emititzeko lizentziarik lortu. Nafarroako Gobernuarekin aski bazuen ere, orain Estatu espainiarra dator egurra ematera. Bete egin da Mikel Bujandaren susmoa eta 30.000 euroko isuna paratu dio Industria Sailak irrati iruindarrari. Zigor ekonomikoa baimenik gabe emititzeagatik eta aireportuan egindako interferentzia batzuengatik iritsi da. Dena-den, irratiak helegitea jarriko du, Estatuak emaniko argudioak faltsuak direlakoan. Irratiaren itxiera ere jokoan da.

Aenak (Espainiar Aireportuak eta Aire-Nabigazioa) Erreniagatik emititzen zuten irratiek Noaingo aireportuan interferentziak sortzen zituztela salatu zuen joan den urtean. Hori zela eta, Nafarroako Gobernuak eta Estatu espainiarreko Industria Sailak interferentzien ustezko errudunei agindu zien Erreniagatik emititzeari uzteko. Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio María eta Euskalerria Irratia izan ziren bertatik alde egin behar izan zutenak.
Dena-den eta esanak-esan, Euskalerria Irratiak bere errugabetasuna frogatu zuen, haien uhinek ez zutela Noaingo aireportuan inolako interferentziarik eragiten aski garbi utzi baitzuen. Aenak, baina, salaketa jarria zuen ekainean eta orain Industria Sailak paratutako multa iritsi zaio Iruñeko irrati euskaldunari. Isuna hiru arrazoietan oinarritzen da: Baimenik gabe emititzea (15.000 euro), baimenik gabe antena instalatzea (7.500 euro) eta “kaltegarriak” izan ziren interferentziak sortzea (7.500 euro). Orotara, 30.000 euroko isuna.
Euskalerria irratiak gezurtatu du antena baimenik gabe paratu izana, 1996tik bertan baitago Nafarroako Gobernua jakinaren gainean zegoelarik. Gainera, orduko Espartzako kentzejuaren, Galar Zendeako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenak ditu. Interferentziei dagokienez, irratiaren errugabetasuna frogatzen duen dokumentua dute eskuartean. Isunari elegitea jartzerako tenorean, bi froga hauek erabiliko dira beraz. Hirugarren puntuari erantzuteko (baimenik gabe emititzearena), berriz, ekainean bertan -irrati euskaldunak salaketaren berri zuelarik- emititzeko baimena emateko eskatu zioten Industria Sailari berari.

0 comentaris:

Publica un comentari